OINARRIAK
Lehiaketa guztietan bezala, parte hartzeko oinarriak onartu behar dira, beraz, arretaz irakur ditzazun gomendatzen dizugu.
%100 GIPUZKOA gazte gipuzkoarrek, bizi diren lekuei buruz, sortutako Mobilmetraien on-line lehiaketa da.
Nolakoa da lehiaketa?
Telefono mugikorrarekin grabatutako bideo laburrak eskatzen ditugu. Bideo hauetan zuretzat Gipuzkoa zer eta nolakoa den agertu behar duzu.Zure ikuspuntua bilatzen dugu. Konta iezaguzu nolakoa den bizi zaren lekua, nora joaten zaren parrandan, etorkizuna nola ikusten duzun, familia, gogokoen duzun txokoa, zer atsegin duzun eta zer ez zure inguruan, nola aurkeztuko zeniokeen Gipuzkoa, ezagutzen ez duen bati, nola erakutsiko zeniokeen aspaldian etorri ez den bati, hiriaren ezaugarri hiritarrak zein baserri-giroko ezaugarriak, zer den zuretzat gipuzkoarra izatea…
Edozein genero erabil dezakezu zure Mobilmetraia egiteko: akzioa, zientzia-fikzioa, publizitate-iragarkia, dokumentala, intriga, animazioa, abentura, beldurra… Erabaki zein genero moldatzen den hobe zure ideiak plazaratzeko edo asma ezazu zeurea eta parte har ezazu!
Erabil ezazu irudimena. Gipuzkoa modu desberdinetan bizi, sentitu eta kontatu daiteke eta guk zeure zeurea izango den modua bilatzen dugu.
%100 GIPUZKOA egitasmoaren helburu nagusia, gazteei plataforma bat eskaintzea da, Mobilmetraien bidez, bizi diren lekuari buruzko ikuspuntua plazara dezaten.
Parte hartu ahal izateko, ondoko hauek kontuan izan behar dituzu:
-%100 GIPUZKOA 12 eta 18 urte bitarteko (12-18 urte 2007an bete behar dituzu) gazte gipuzkoar GUZTIEI (hala sentitzen diren guztiei, inolako egiaztagiriren beharrik gabe) zuzendutako egitasmoa da.-Eman ezazu izena www.gipuzkoamobil.net –en
-Bakarka edo taldeka har dezakezue parte (taldea osatzen baduzue, aukeratu ordezkari bat Mobilmetraia web gunean erregistratzeko).
-Nahi adina Mobilmetraia bidal ditzakezu.
-Euskaraz, gazteleraz edo hizkuntza biak nahastuz sortutako lanak onartuko dira.
-Mugikorrekin egindako film laburren lehiaketa da hau. Zure mugikorrak ez badu bideorik, eska iezaiozu norbaiti edo taldeka lan egin ezazu. Erabat ezinezkoa bada bideoa duen mugikor bat erabiltzea, ez kezkatu, interesatzen zaiguna zure ikuspuntua eta parte hartzea da, beraz, argazki-kamera digital batekin edo bideo kamera batekin egin dezakezu zure film laburra.
-Mobilmetraia bakoitzak 60 segundo baino gutxiago iraun behar du eta 10 MB baino gutxiago pisatu. Hau oso garrantzitsua da zure lana onartu eta zerbitzarian zintzilikatu ahal izateko.
-Mobilmetraia editatu dezakezu, zuzenean mugikorrean edo behin ordenagailuan deskargatuta, edozein edizio-programa erabiliz. Nahiz eta hau parte hartzeko beharrezkoa ez izan, oso gomendagarria da.
-Zure lana ikusi ahal izateko eta modu egokian zintzilikatu ahal izateko zein formatutan gordetzen duzun kontuan hartu behar duzu. Formatu hauek onartuko ditugu: .mov, .mpeg, .avi, .3gp, .mp4, .asf.
-Parte hartzea doakoa da.
-Ustekaberik izan ez dezaten eta lagun zaitzaten, esan iezaiezu gurasoei parte hartzeko asmoa duzula.
-Lizunkeria, abusuak, gorrotoa, arrazakeria, sexismoa, mehatxuak edo beste edozein oinarrizko eskubideren kontrako edukirik ez da inolaz ere onartuko.
-Lehenengo lehiaketa honetan hiru sari izango ditugu: Mobilmetraia Onenaren Sari Handia eta Euskaraz sortutako Mobilmetraia Onenaren Saria -ikus-entzunezko kulturaren eta artearen munduko hiru kidez osaturiko epaimahai batek aukeratuak- eta Erabiltzaileen Saria –web guneko bisitariek emandako botoen bidez aukeratua- (begiratu Sariak atalean).
-Bidali zure Mobilmetraiak maiatzaren 31ra arte.
Zure Mobilmetraiak puntu hauetakoren bat betetzen ez duela Iruditzen bazaigu, ezingo dugu %100 GIPUZKOA egitasmoan onartu.
Zenbait lege-ohar
Badakigu aspergarria dela, baina %100 GIPUZKOA-n parte hartzean onartzen dituzun ardura, eskubide eta betebeharrak ondo ulertzea oso garrantzitsua da. Horrela, hasieratik dena argi geratzen da eta ez da zertan arazorik sortu behar etorkizunean.Zuk, eta ez beste inork, daukazu zure Mobilmetraiaren ardura eta baita bertan agertzen duzun guztiarena ere, esaterako, zureak ez diren irudi edo soinuak. Norbaitek azalpenak eskatzen baditu, guk zure bideoaren eta edukiaren gaineko ardura guztia ukatuko dugu.
Mobilmetraian agertzen diren protagonista guztiek jakin behar dute zertarako grabatzen dituzten eta baimena eman behar dute. Jende asko agertzen den plano orokor bat grabatzen baduzu, ez diezu denei banan-banan baimena eskatu beharko, baina bai lehen planotan edo elkarrizketetan agertzen direnei.
%100 GIPUZKOA egitasmoan parte hartzerakoan, dohainik eta estatu mailan, zein nazioarteko mailan, zabalkunde, banaketa, merkaturatze, eraldatze eta komunikazio eskubideak lehiaketa kudeatzen duen AMASTÉ Comunicación S.L. enpresari ematen dizkiozu (hauek hirugarren bati emateko gaitasunarekin batera) 2008ko abenduaren 31ra arte. Honek ez du inolaz ere esan nahi Mobilmetraia zurea izango ez denik, banatu, plazaratu edo komunikabideei helarazteko baino ez dugu erabiliko eta honela, zure bideoak eta 0 GIPUZKOA egitasmoak zabalkunde handiagoa izango dute. Data horretatik aurrera ere, zure Mobilmetraia web gunean zintzilikaturik izateko baimena edukitzea gustatuko litzaiguke, baina kentzea nahi baduzu, esaguzu eta berehala kenduko dugu.
Zure datuak AMASTÉ Comunicación S.L. enpresaren datu-basean sartuko dira, baina ez dugu helburu komertzialekin egiten, baizik eta %100 GIPUZKOA egitasmoaren edo IA 18 proiektuaren barruan egingo diren bestelako jarduerei buruzko informazioa bidaltzeko.
Lehiaketa honetan adin txikikoek ere parte har dezaketenez, 18 urte baino gutxiago badituzu, Mobilmetraia aurkezteko zure gurasoen edo tutoreen baimena duzula ziurtzat jotzen dugu. Hala ez bada, gu ez gara egoera horretatik ondorioztatu daitezkeen arazoen arduradun.
Lege-ohar korapilatsu hauekin bukatzeko eta teknologia berrien mundua “gertakari bitxiez� betea dagoela kontuan hartuz, argi gera dadila Internet-en funtzionamendua eskasa bada edo kanpoko arrazoiak eta asmo txarreko ekintzak direla eta, posta elektronikoan lehiaketaren garapena oztopatuko duten arazoak badaude, antolakuntzak ez du inolaz ere horren ardura izango.
Zerbait gehiago behar al duzu?
Informazio gehigarria behar baduzu, zalantzak konpontzeko laguntza bilatzen baduzu edo bestelako edozein laguntza mota behar baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan:
info@gipuzkoamobil.net
Aretxaga 10
48003 Bilbao
944 158 861



